Noticias

Ainhoa Novo: “berdintasuna ez da emakumeon gauza, gizartearena baizik”

7 Mar , 2018  

Ainhoa Novo · Berdintasun Batzordearen lehendakaria

Aurtengoa Berdintasun Batzordearen bigarren urtea da. Printzipioz 2020. urtean emango zaio amaiera proiektuari

2016. urtean hasitako proiektuak ez ditu fruitu askorik eman oraingoz. WP Donostia klubak, waterpoloaren sailean, hiru emakumezko jokalari ditu soilik bere waterpoloko jokalari guztien artean. Bi urte barru emango dio klub donostiarrak amaiera emakumeak erakartzeaz arduratzen den eta berdintasunaren alde egiten duen proiektuari.

Zertan datza WP Donostiak duela jada bi urte abian ipini zuen Berdintasun Batzordea?

Batzorde honek bi helburu ditu nagusiki; berdintasun alorra eta balioen alorra jorratzea, alegia. Duela urte batzuk sortu zen Berdintasun Batzordea, hausnarketa batzuen ondorioz, Batzorde Orokorraren barruan. Bertan esan zen asko kostatzen ari zitzaiola klubari nesken taldea aurrera eramatea eta neskak klubean bertan mantentzea. Izan ere neskak eduki ditugu, baina kadete mailaraino soilik. Ondoren beste taldeetara joan behar izaten dira waterpolora jolastu ahal izateko. Eta prozesu hau beti bizi izan da modu tristean klubaren barruan, gainontzeko kideekin tadean aritzen direlako adin jakin batera arte, eta gero beste taldeetan ikusi behar ditugulako jolasten, guk ez dugulako emakumezkoen talderik. Hortaz egoera honetatik sortu zen pixka bat Berdintasun Batzordea sortzearen ideia, eta hori izan zen gutxi gorabehera gure abiapuntua.

Berdintasun Batzordean bost emakume hasi zineten. Egun hamaika kide zarete eta horietatik bi gizonak dira.

waterpolo1Duela gutxi arazo txiki bat izan genuen, eta horren osteko hausnarketaren ondorioz gure buruari galdetu genion ea nola zen posible emakumezkoen talderik ez duen klub batek Berdintasun Batzorde bat izatea. Hortaz, iruditu zitzaigun hori akats handi bat zela, berdintasuna ez delako emakumeon gauza, gizartearena baizik. Gure klubean nerabe eta haur pilo bat ditugu kirola egiten, eta kirola egiten dute balio batzuen inguruan. Balio horiek lantzea talde guztiaren ardura da, eta baita gizarte, elementu eta agente guztien ardura ere. Orduan Berdintasun Batzorde batean, bertako kideen ia erdiak gizonezkoak izan beharko lirateke, eta beste erdiak emakumezkoak, gainontzeko batzordeetan bezalaxe. Horrek esan nahiko luke ardura hori gizarte osoak hartuko lukeela eta ez soilik emakumeok.

Zein da Berdintasun Batzordearen helburua?

Nik uste dut bi helburu izan daitezkeela Berdintasun Batzordearen helburu nagusienak. Batetik, berdintasun balioan asitzea eta hezitzea kirolari moduan gure jokalariak, eta orduan gizarte agente garen heinean, gizartearen barruan gauden klub bat izanda, bai barnerako zein kanporako guk hori baluarte edo balio bezala adieraztea egiten ditugun ekintza guztietan. Hau da, ez da bakarrik gure jokalariak jokalari gisa hezitzea, baizik eta gure jokalariak gizartean balio horiek presente edukitzea ere. Bestetik, helburu presentziala egongo litzateke eta hau gehien ikusten dena da azken finean. Hau da, lana egitea emakumeak waterpolora erakartzeko. Izan ere waterpoloa emakumeentzat oso kirol egokia dela uste dugu. Laburbilduz, guk ditugun bi ildoak dira gu gizarte agente garen heinean balio batzuk eramatea eta horiek ezagutaraztea gure kirolariei, haien gurasoei eta azken finean klubaren kide den pertsona orori berdintasunaren garrantzia erakustaraziz. Eta bestalde, ahal den heinean gure taldea emakumez betetzea eta emakumeentzako taldea bultzatzea.

 “Emakumeak erakartzea ez ezik, haurrak erakartzea ere kostatzen zaigu”

 Berdintasun Batzordearen proiektua 2016an hasi zen eta printzipioz 2020an amaitzen da. Klubak bi urte darama jada proiektu honekin eta bakarrik hiru neska aurki ditzakegu klubeko jokalari guztien artean. Egoera hau Berdintasun Batzordearen porrotaren isla da?

Gauza da Berdintasun Batzordeak aurrera eramandako lanak azkeneko urtean egin direla, nahiz eta lehenagotik batzordea bera ere sortua egon. Nik uste dut egoera honetan dagoen arazoetako bat, eta gure batzordetik at geratzen dena, dela Altzako Polikiroldegiaren obrek gure klubari suposatu dizkion ordutegi aldaketak. Emakumeak erakartzea ez ezik, haurrak erakartzea ere kostatzen zaigu. Izan ere orain daukagun ordutegirik garaiena arratsaldeko zazpi eta erdiak dira eta honek kanpoko jendearengan eragina du. Ikastolekin ere hizketan egonak gara, baina egia da egoera honek geroz eta konplexuagoa egiten digula emakumeak erakartzearena. Ez ditugu baliabide nahikorik eta guk igerilekuan dugun ordutegia elementu garrantzitsu bat da.

Neskak ia ez izatea ez ezik, kiroleko sailean dituzuen helburuak ez dituzue lortu, eta ez dirudi lortuko dituzuenik hurrengo bi urteetan. Besteak beste kategoria guztietan emakumezkoen taldeak izatea, eta Euskadiko zein Espainiako selekzioek zuen emakumezko jokalariei deitzea.  

Momentuz oso konplexua egiten ari zaigu helburu hauek betetzea. Izan ere guk uste baino modu motelagoan ematen ari da emakumeak gurera erakartzearen prozesua. Egia da gurera etorri diren askok aukerak izan dituztela Euskadiko Selekzioarekin teknifikazioak egiteko, beti ere kontuan izanda emakumezko gutxi izan ditugula.

 “Aurreko bi urteetan zehar gure jokalariek zenbait hitzaldi jaso dituzte emakumearen eta kirolaren inguruan”

Zein da Berdintasun Batzordearen lorpenik handiena oraingoz?

Orain arte egin ditugun lanen artean, gure lorpenik handiena izan da ditugun arautegi guztien hizkuntza inklusiboa landu eta barneratu egin dugula. Horretaz gain, aurreko bi urteetan zehar gure jokalariek zenbait hitzaldi jaso dituzte emakumearen eta kirolaren inguruan. Hortaz orain arte bi pauso hauek eman ditugu; hizkuntza inklusiboa lantzea eta sentsibiliazio formakuntza ematea gure jokalariei, alegia. Hala ere orain arte egindako kaptazio lanak fruitu gutxi eman dizkigu, nahiz eta horretan jardun garen.

WP Donostiaren helburu nagusiena da emakumezkoen waterpoloko taldea osatzea?

Nik uste dut helburu nagusienetariko bat badela emakumezkoen taldea osatzea. Kirol maila egokia izatea klubaren helburu nagusi bat ere bada, noski. Oso buru-belarri gabiltza gu, Berdintasun Batzordea, emakumezkoen taldea sortzeko helburuarekin. Seguruenik hori lortzeko jo beharko dugu igeriketa munduaren inguruan aurkitzen diren emakumeengana edota umeen kaptazio lana sakondu eta eskola-kirola eta gero waterpoloa haurrei eskeini, kirola aukeratzen dutenean waterpoloa ere hautagai eduki dezaten. Hau posible egin dadin ikastolekin batera egin beharko dugu lan, eta batez ere nesken erakartzea gehiago landu, eta baita ere igeriketa klubetara hurbiltzea bertako emakumeak erkartzeko, horiek izan daitezkeelako gurera modu errazago batean etorri daitezkeen jokalari potentzialak.

Nola da posible Donostia bezalako hiri batean (190.000 biztanle inguru) emakumezkoen waterpoloko talderik ez egotea, eta bai Leioa (31.000), Irun (61.000) edota Eibar (28.000) bezalako herri txikiagoetan?

20953802_1785466674815372_8589343410584181867_n

Nire ustez ohiturak zer esan handia dauka alor honetan. Gainera, Donostian emakumeek kirol eskaintza handiagoa eta anitzagoa daukate. Leioa, Eibar eta Irunen, aldiz, waterpolora jokatzeko ohitura handiagoa dago. Eibarren, esaterako, oso ohikoa da bertako klubak ikastolekin harremanak izatea eta batera zenbait ekintza gauzatzea ere. Leioan adibidez, urte dexente daramate emakumezko waterpoloarekin eta nolabaiteko ohitura badago bertan waterpolora jokatzeko. Nik uste dut emakumezkoen taldea egoteko asko egiten duela lehenengo erreferentzia puntu bat egotea, eta bertatik masa kritikoa den talde bat sortzea ere. Hasieran sei emakume badituzu klubean, eta horiek mantentzen badituzu bi urtez adibidez, horiek iman bat izango balira bezala funtzionatuko lukete eta beste zenbait emakume erakarriko lituzkete. Baina zoritxarrez Donostian ez daukagu ez erreferenziazko talde hori, ezta lehen aipatutako ohitura hori ere. Hortaz lehenengo ate- edo sabaia-puskatze horrek ito inportante bat suposatuko du, eta behin hori lortuta, nik uste dut errazagoa egingo dela emakumezko gehiago klubera erakartzea. Hortaz, emakumezkoen waterpoloa ikusgarria egiten denean, bi gauza egin beharko lirateke. Taldea sortzea eta talde hori erakargarria izateko nolabaiteko egonkortasuna lortzea, gutxienez bi denbroaldiz taldea mantenduz.

Udaletxearengandik diru-laguntzak jasotzen dituzue emakumezkoen waterpoloko taldea osatzen saiatzeagatik? Horrela bada, nora doa diru hori?

Udaletxeak eta Foru Aldundiak diru-laguntzak ematen dizkigute berdintasun plana aurrera eramateagatik; hau da, berdintasun plana osatu, egin, eztabaidatu, onartu eta ekintzak proposatzen ditugu eta ondoren beraiekin helburu batzuk adosten ditugu berdintasun plana aurrera eramateko. Normalean diru hori emakumearen eta berdintasunaren inguruko sentsibilizazio ikastaroetara bideratzen dugu.

Udaletxeak, Aldundiak edota Eusko Jaurlaritzak zer-nolako jarrera hartzen dute, kirolaren esparruan, berdintasunaren aldeko proiektu hauen aurrean?

Azkeneko urteetan oso jarrera positiboa erakutsi dute. Honen alde gauza asko egin dira eta sail guztien parte hartzea ere bultzatzen dute horrelako proiektuen aurrean. Diru-laguntzen bidez proiektu hauek ere bermatzen ditu administrazio publikoak. Baina hau horrela izanda ere, klub gehienek ez dute betetzen beraien zuzendaritza taldean emakumezkoen presentzia, eta mota honetako diru-laguntzak ematean printzipio hau derrigorrezkotzat jo beharko luke administrazioak. Egun ia federazio guztietako goi postuetan daude emakumezkoak, elkarte-kide direlako batik bat, baina emakumeen presentzia klubetako zuzendaritzetan, aldiz, oso baxua da.

 “Waterpoloak balio batzuk erakusten dizkizu bizitzan aplikatu ditzakezunak”

Zer suposatuko luke Donostiarentzat eta WP Donostiarentzat emakumezkoen waterpoloko taldea egoteak?

Nik uste dut erronka eta pauso handia izango litzatekeela bai Donostia eta baita Waterpolo Donostiarentzat ere. Kirol hau bereziki inportantea izan daiteke emakumezkoen kirola ikustarazteko, besteak betse kirolak dituen ezaugarriengatik. Izan ere, emakume anitzek hartu dezakete parte. Zenbait postuetarako inportantea da oso azkarra izatea, besteetarako inportanteena da oso indartsu eta tinko jokatzea… Nire ustez Espainiako Selekzioak ematen duen emakumeen imajina oso erakargarria da. Batzuk oso neska altuak dira, besteak baxuagoak, indartsuagoak, meheagoak… Era askotako neskak daude. Waterpoloak duen ezaugarrietako bat da zuk zure zelaia defendatu behar duzula eta aurkariarena erasotu. Lan hori taldean egitea oso inportantea da, zeren waterpoloak balio batzuk erakusten dizkizu bizitzan aplikatu ditzakezunak, eta lan-taldean aritzearena horietako bat da. Norberak bere egoera defendatzearena eta beste batzuetan egoten jakitearena ere beste balio garrantzitsu bat da.

Berdintasun Batzordearen helburuetako bat da generoen arteko berdintasuna lortzea waterpoloan. Hori dela eta, zein izango da WP Donostiaren jarrera martxoaren 8ko greba feministaren aurrean?

Ostegunerako prest ditugu bi ekintza. Lehenik eta behin hitzaldi bat emango dugu “emakumearen presentzia kirolean” gaiaren inguruan. Eta ondoren, emakumeen ikusgarritasuna kirol honetan bultzatzeko emakumezkoen partidu bat jolastuko da Paco Yoldi igerilekuan. Horretarako gure jokalarien entrenamendu-denbora murriztuko dugu, greba feministaren alde ipiniz.

ainhoa_novo

Ainhoa Novo.
Berdintasun batzordearen lehendakaria


Comments are closed.