aitor3

Noticias

Aitor Zabaleta: “gauza asko lortu ditugu aurreko urtean pentsatu ere ezin genituenak”

14 Feb , 2018  

 Aitor Zabaleta · Waterpolo Donostiako jokalaria

Jokalari donostiarrak aurten hamaika urte egingo ditu waterpoloan jokalari gisa. Waterpolo Donostian bere bederatzigarren denboraldia da

Donostiako Tximistarri waterpolo taldean hasi zen Aitor Zabaleta (Donostia, 1995) waterpolora jokatzen, hamaika urte zituela. Hamahiru urterekin aro berri bati eman zion hasiera, Waterpolo Donostiako jokalari bilakatuz. Waterpolo Donostian Euskal Herriko Bigarren Mailatik Lehenengo Mailarako igoera lortu zuen 2013/2014. denboraldian.

aitor4

Iazko eta aurtengo lehen itzuliak konparatuta, zeinetan izan dituzue sentsazio hobeak?

Nik uste dut aurten lortu ditugun puntuak ez direla benetan guk egin dugun lanaren eta eman dugun mailaren erakusle, iaz ez bezala. Zeren aurreko denboraldian, nik jokalari bezala nuen sentsazioa zen puntu batengatik ahalegin guztiak egiten genituela, eta gure jokua horreraino iristen zela. Hortaz, lortutako puntuazioa merezitakoa izan zen. Baina aurtengo lehenengo itzuliaren bukaeran daukagun sentsazioa da, ikusita gainontzeko taldeek zenbat puntu dituzten eta zein postuetan dauden, guk ditugun puntu kantitateak ez digula justizia egiten. Egin dugun esfortzurako ez da nahikoa lortu ditugun hamabi puntu horiek. Izan ere, partidu asko eduki ditugu goiko postuetan dauden taldeen aurka benetan borrokatu ditugunak eta behekoetan daudenei erraztasunez irabazi diegu. Beraz nire ustez orain arte lortutako puntuak ez dira benetan merezi ditugunak.

Denboraldiko lehenengo itzulia nola baloratuko zenuke?

Oso positiboki baloratuko nuke. Entrenamenduetan talde bezala nik oso gauza politak ikusi ditut eta gauza asko lortu ditugu aurreko urtean pentsatu ere ezin genituenak. Horrekin oso harro nago. Esango nuke taldea oso ondo ari dela lan egiten eta jarrera honek pozik jartzen nau.

Etxean edo kanpoan jokatzeko aukera izatekotan, nun jokatuko zenuke? Kontuan izanda orain arte etxean partidu bakarra irabazi duzutela eta kanpoan hiru.

Nik pertsonalki nahiago dut etxean jokatu. Baina gure puntuen balantzea egingo bagenu, argi eta garbi ikusten da etxean kanpoan baino partidu gutxiago irabazteko joera daukagula denboraldiko lehenengo itzuli honetan. Hala ere kontuan hartu behar dugu balantze edo joera honen faktore bakarra ez dela bakarrik ea partiduak etxean edo kanpoan diren. Getxo eta Lautada adibidez talde gazteak dira; lehenengoak bi urte daramatza Euskal Herriko Lehenengo Mailan eta bigarrena igo berria da. Bi taldeetan gainera aldaketa handia egon da eta talde gazte bat sartu da. Orduan kasu hauetan partiduak kanpoan izatea ez da faktore determinatzaile bat izan. Izan ere kanpoan irabazi diegu kanpoan jokatzea tokatu zaigulako. Honekin esan nahi dudana da, nahiz eta gu ere talde gaztea izan, maila honetan urte gehiago daramatzagunez eta esperientzia gehiago daukagunez, beraiek baino erantzun hobea izan genuela beraien aurkako partiduetan..

 “Gazteak diren taldeek joera dute beraien maila beste taldeak duen mailara egokitzeko”

 Aurreko denboraldiko lehenengo itzulian bezala, aurtengoan ere zuen mailako etsaien aurka galdu duzue, eta gaizki jolastu ere. Aipatzekoa da Leioaren aurka jasandako porrotak bi azken urte hauetan, eta etxean gainera. aitor3

Hori azaltzeko, nire ustez arlo psikologikoan sartu beharko ginateke. Zeren gazteak diren taldeek joera dute beraien maila beste taldeak duen mailara egokitzeko. Kasu askotan gertatzen da. Adibidez, aurten Navarra talde oso gazte batekin dabil Euskal Herriko Lehenengo mailan, eta horrelako zeozer gertatzen ari zaiola uste dut. Hortaz, hain gazteak garen taldeok gehiegi hurbiltzen gara besteen jokura eta maila handia duten taldeen aurka maila oso ona ematen dugu, baina maila txikiagoa duten taldeen aurka maila txikia eskaintzen dugu. Nire ustez, zure adibideari jarraiki, Leioak gauza batzuetan maila oso ona du; esaterako jaurtilari oso onak ditu, atezaina ere nahiko ona dute… Baina nik uste dut joku mailan beherakada txiki bat jasan duela azkeneko bi edo hiru urteotan, eta beraien aurka gertatu zaiguna horixe bera izan da, beraien jokura egokitu garela eta joku horretan beraiek gu baino onagoak direla, alegia.

Orain, hamabi taldeetatik bederatzigarren postuan aurkitzen zarete. Kontuan hartuta hiru talde mailaz jeisten direla zuzenean, eta beste batek play-off bat jokatu behar duela mailari eusteko, uste al duzu bigarren itzulia zaila izango dela zuentzat?

Ez. Taldea maila ona eskaintzen ari da eta nahiz eta lortutako emaitzak oso onak ez izan, gure errendimendua ona izan da. Horregatik uste dut bigarren itzulian zorte onagoa izango dugula. Gainera joku aldetik nahiko erregularrak gara eta horrek azken finean emaitzetan nolabaiteko isla erakutsi beharko luke. Kontuan hartu behar dugu ere sailkapenaren erdialdean ditugun taldeak ez daudela gugandik oso hurrun. Izan ere, lau-sei puntutara ditugu bizpahiru talde harrapatu ditzakegunak.

 “Gai ikusten dugu gure burua Lehenengo Mailako sailkapeneko erdiko postuetaik gora amaitzeko”

Euskal Herriko Bigarren Mailara jeisteko aukera duzuelaren sentsazioa nabaria al da aldagelan?

Ez, orain arte behintzat ez. Ligak aurrera egin ahala sentsazio hori eduki dezake aldagelak. Baina nire ustez guk demostratu dugu eta taldeak badaki gure jokua beste talde askorena baino onagoa dela, eta gai ikusten dugu gure burua Lehenengo Mailako sailkapeneko erdiko postuetatik gora amaitzeko.

Nautica Portugalete B eta Fortuna dira Euskal Herriko Bigarren Maila lideratzen dutenak, eta badirudi bien artean banatuko dituztela lehenengo bi postuak.

Nire ustez Euskal Herriko Bigarren Mailan zoritxarrez egoera bat ematen ari da orain, nun Bigarren Mailara jeitsi berriak diren bi talde hauek kategoria baxuago honi eusteko soberako maila duten. Orduan beraien artean egingo dute borroka lehenengo postua eskuratzeko. Gainontzeko taldeek, tamalez, ez daukate Nautica Portugalete B eta Fortunak duten maila bera eta ezin diezaiokete printzipioz konpetentzia handirik egin. Izan ere bi talde hauek Bigarren Mailan aritzeko maila nahiko altua dute, eta kontuan izanda kategoriaz igotzeko soilik bi postu daudela… Niri egoera honek pena handia ematen dit, zeren azken urteotan uste dut zenbait taldek orain arte izan duten egoerari buelta ematea lortu diotela eta printzipioz posible egin beharko litzaiekeela Bigarren Mailan zerbait polita egiteko.

 “Federazioak nire ustez sakrifikatu du zentzu batean Bigarren Mailan egon zitekeen borroka, Lehenengo Mailan borroka hori islatzeagatik”

Aurreko denboraldian Nautica Portugalete B eta Fortunak ezin izan zioten EHko Lehenengo Mailari eutsi. Aurtengoan ordea, biak dira EHko Bigarren Maila lideratzen dutenak. Nolatan egon daitezke hain gaizki denboraldi batean eta hain ondo hurrengoan?

aitor2 Hori Euskal Herriko Lehenengo eta Bigarren Mailaren artean dagoen diferentziaren isla da. Nire ustez Euskadiko Igeriketa Federazioa saiatzen da bi ligak interesgarriak egiten. Aurtengo Lehenengo Maila inoiz baino politagoa da nire ustez. Izan ere ligan azkeneko postuetan dauden taldeek borroka egiten diote goian daudenei. Guk adibidez Nautica Portugaleteren aurka gol batengatik bakarrik galdu genuen. Federazioak nire ustez sakrifikatu du zentzu batean Bigarren Mailan egon zitekeen borroka, Lehenengo Mailan borroka hori islatzeagatik. Eta erabaki hau positiboa izan daitekeela uste dut, Lehenengo Mailan dauden taldeak bertan borrokatzen ari dira waterpoloan errendimendu on bat lortu nahi dutelako, Bigarren Mailan ez bezala.

Nola uste duzu amaituko duela WP Donostiak denboraldia?

Apustu bat egitekotan, esango nuke hamabi taldeetatik zazpigarren postuan amaituko dugula aurtengo denboraldia. Egia da gure lehenengo itzulia ez dela munduko onena izan eta guk ditugun hamabi puntuekin ezin dugu goiko postuengatik borroka egin. Baina uste dut bigarren itzuli ona egingo dugula. Ez dakit emaitzak gure alde edo aurka edukiko ditugun, baina maila ona erakutsiko dugula ziur naiz. Gainera aldagelan esaten dugu borrokak zortea dakarrela, zeren gehienetan zortea borroka egiten dutenen alde agertzen da. Hortaz zazpigarren postuan amaitzea posible ikusten dut taldea

Xabi Gonzalez – Kazetari ofiziala


Comments are closed.